XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.Tipoa. Etxeko lanetaz arduratzen diren emakumeak

Bada ehuneko zabalago bat, %17, etxeko lanetan aritzen diren emakumeen nagusitasunarengatik ezaugarritua.

Adinez helduak dira tipo hau osatzen duten emakumeak.

35 urtetik gorakoak dira, haurrak dituzten kasuetan hauek jada hazi eta hezita daude, eta inolako ardura profesionalik ez dutenez, etxeko lanak burutzea dute egunbeteko oinarri nagusia.

Beraien bizimoduko konstante baten jarraipena adierazten jarraitzen dute, beraz.

Nagusitasun batean oinarrizko ikasketak burutu ostean etxeko lanak burutzen aritzeagatik ezaugarritzen dira, sekula lan-merkatuan partehartzerik izan ez dutelarik.

Janaria prestatzea, arropa atontzea, etxea garbitzea...dira biztanlegoaren orokortasunetik gehien bereizten dituzten jarduerak.

Baita, tipo honetan ia esklusiboak diren beste zenbait jarduera ere, esaterako erdi-aisiak (jostea, konponketak...).

Beti ere etxeak adierazten duen eremuarekin harremanetan, ardura profesional guztietatik kanpo kokatuaz.

Etxeko lanetara egindako dedikazioarengatik ezaugarritutako emakume talde hau zabala da oraindik gure gizartean Iraganetik jasotako eredu bat adierazten du, baina egun oraindik, presentzia nabarmena duena.

4. Tipoa. Aisia eta denbora librearengatik ezaugarritutako banakoak

Ehuneko nahikoa txikia da, %4,5, tipo hau osatzen duena.

Adierazten duten izaera berezia dela eta, adierazgarria da ordea tipo honen nondik norakoa.

Jarduera profesionalik ez izan eta famili ardurarik ere ez duten banakoek osatzen dute, nagusiki emakumeek.

Dena den, zaila da banako hauen definizio soziodemografikoa, adina eta egoera zibilari dagokionean ere aniztasun handia ematen baita.

Denboraren antolaketari dagokionean ordea, badute kriterio batu bat, aisiari dagozkion jarduerak burutzeari eskainitako denbora ugaritasunarengatik ezaugarritzen baitira batipat.

Esaterako, herri-partehartzea, solasean egotea, lagun eta senitartekoen etxean otorduak egitea... biztanlegoaren osotasunean dedikazio oso eskaxa duten jarduerak dira. Tipo honetan aldiz, berauek dira jarduerarik bereizgarrienak. Ardura profesionalik, ordea, ez dute.

Denbora librea da, beraz, tipo hau ulertu ahal izateko oinarritzat hartu beharrekoa.

Famili ardurarik ez dute, arrazoi ezberdinak medio lan-merkatuan ere ez dute partehartzerik, eta beraien egunerokotasuna errealitate horretara egokitzen dute, ondorioz taldearen bereizgarririk nabarmenen aisia osatzeko jarduerak direlarik.